sábado, 22 de mayo de 2010

Publizitatearen mugak

1) Zergatik da kaltegarria iragarki bati egindako salaketa, salaketa horrek funtsik ez duenean ere?

Salaketak jartzeko legitimatuta dagoen subjektu juridiko publizitarioren batek, marka edo enpresa baten aurkako salaketa bat jarriz gero, markaren izen ona kaltetu egiten da eta nolabait ikuspegi negatibo bat zabaltzen da. Hau da, nahiz eta salaketak funtsik gabekoak izan eta inolako errealitate enpiriko edo argumentuetan oinarritu, salaketa edo etete akzio hori dagoeneko jarrita dago, beraz, marka arazo juridiko batean murgilduta dago.

Horrela, gertakari hauek ez dute harrera ona hartzaileengan eta gutxiago salaketa kontsumitzaileen elkartearen batek egin duenean. Beraz, salaketak oso kaltegarriak dira marken irudi korporatiboarentzat baita, izen onarentzat ere, legearekin zerikusia dituzten gertakariak nahiko gai serioak direlako eta kontsumitzailek, erosten dituzten markek jarrera zuzena, jokabide egokia, hartzaileekiko errespetua izatea ... miresten dutelako.

Bestalde, alde ekonomikoari begira ere kalte handia jasaten dute markek, izugarrizko galera suposatzen baitu iragarki bat etetea, denbora tartea oso txikia izanik ere.

2) Publizitatean murrizten dena, beste edukietan onartuta dago, sexua eta biolentzia kasu. Zer dela eta diskriminazio hau? Orokorrean, zergatik da legea zorrotzago publizitatearekin?

Eztabaida hau nahiko interesgarri iruditzen zaidan arren, ez nago ziur honen muina non egon daitekeen. Idazleak dionenaren arabera, beren edukia ordaintzen dutenekiko kontrola askoz zorrotzagoa da, besteen bidez finantzatzen direnena baino.

Horrela, telebistan indarkeria, sexua ... erabiltzea zilegi da, publizitatean erabat debekatuta dagoen bitartean. Beraz, izugarrizko kontraesana da, baina nire ustez, diskriminazio positiboa da, telesail edo pelikulei dagozkienean. Hau da, ez da berdina indarkeria erabiltzea produktu bat iragartzeko edo pelikula batean, istorioaren barruan uneren baten borrokaren bat edo beste agertzea. Izan ere, baten helburua, produktu hori saltzea da eta horretarako bere produktua indarkeriarekin lotzen du, bestearen helburua, ordea, istorioa saltzea da, jende arrunt batek jasaten duen gertakizun jakin batzuk, hain zuzen ere.

Beraz, iragarkien kasuan, emakumeen gorputzaren erabilera desegokia egiten dute, askotan baita gutxietsi ere, indarkeria asko erabiltzen da ... helburu komertzial baterako, beraein produktua ezaugarri horiekin lotuz. Horrela, zeharka edo zuzenean, ideia horiekiko adostasuna adierazten dute eta beren produktuak horrelakoak direla adierazten dute.
Pelikuletan, ordea, istorioak kontatzen dira, zoritxarrez, asko errealitatean ematen direnak, baina, hauen helburua ez da ideia hauek goraipatzea edota zabaltzea baizik eta erakustea eta kasu askotan, salatzea.

Hau horrela izanik, nahiz eta publizitatearen mugak askoz estuagoak izan, bidezkoa iruditzen zait, ideien erabilera ez baita berdina ezta helburuak.

Hala ere, telebistako programen kasuan egoera oso bestelakoa dela iruditzen zait. Hau da, gaur egun izugarrizko audientzia duten programa inozo eta ziztrin horietan publizitatean ezartzen diren mugak berdinak ezarri behar direla uste dut, ideian erabilera berdina baita. Izan ere, tertulia eta txutxumutxuen programetan gizakien oinarrizko eskubideak errespetatzen ez badira inplizitu edo esplizituki, kasurako, arrazakeriaren aldeko ideiak plazaratu, lehiakideen aurkako adierazpen faltsuak ... helburua, ideia hori ikusleenagan zabaltzea da eta horretaz persuaditzea. Beraz, nire ustez kasu honetan, ezinbestekoa da muga hauek ezartzea, bestela inoiz ez dugu zentsuzko eta fundamentuzko telebistarik izango.

3) Egileak dioenez, iragartzea debekatuta dagoen hori saldu daiteke. Nola ulertzen duzu paradoxa hau?

Egia esan, egilearekin bat nator, izugarrizko hipokresia eta faltsukeriaren adierazle baita, produktu baten inguruko publizitatea egitea debekatuta egotea eta salmenta, ordea, baimenduta. Baina, zoritxarrez, dena dirua eta etekin ekonomikoak direnez, paradoxa honen muina ere horretan datza. Bestela, zelan ulertu, estatuak tabakoaren aurkako milaka kanpaina eta lege egitea, baina gero bera izatea Tabacaleraren jabe? Kontraesan izugarria eta baita lotsagarria ere.

4) Zeintzuk dira auto-erregulazioaren abantailak iragarleentzat?

Autokontrolerako hartzen diren erabaki eta kode deontologikoak, iragarleentzat abantaila ugari ditu. Izan ere, honetan, kode horiek betetzen dituzte eta oro har “Publizitatearen Lege Orokorraren” aurkako ekintzarik egingo ez dutela ziurtatzen dute. Beraz, nolabait kanpaina egin baino lehen, egokia den, legezkoa den eta baita ez-zilegia izateko aukerarik duen aurreikusi dezakete. Ondorioz, kanpainaren babeserako tresna dela esan genezake, salatuak izatea, tira-birarik ez edukitzea ... ahalbidetuko diena, behinik behin.

5) Publizitatearen profesionala (izango) zarenez gero, non kokatzen duzu zeure burua? Protekzionismo osoaren muturrean (publizitate guztia estatuak erregulatuta) edo askatasun osoaren muturrean? Aldatuko zenuke iritziz hiritar sinplearen ikus-puntuan jarrita?

Bai hiritar eta bai publizitate alorreko “profesional” moduan, publizitatea erregulatua izan behar denaren alde nago. Izan ere, ezinbestekoa da giza eskubide guztiak publizitatean errespetatuak izatea eta inolako eskubide urraketarik ez ematea.

Hala ere, nahiko kezkagarria iruditzen zait, XXI mendean, oraindik askok eskubide horien urraketak burutzea eta iragarki erabat desegokiak egitea. Horrela, iragarle batzuen ikuspuntua horrelako den heinean eta besteen ideia eta arrazekiko guztiz intolerante eta matxistak diren bitartean, ezinbesteko eta derrigorrezkoa da zenbait arau ezartzea.

Bestalde, testuaren idazlearekin bat eginik, publizitateari ezartzen zaizkion mugak oso desproportzionalak dira, beste arlo askorekin alderatuz. Era berean, babes hori dela eta, askok funtsik gabeko salaketak egiteko erabiltzen dituzte, marka bat edo zerbitzuren bat kaltetua suerta dadin. Honegatik, arlo honetan gabeziak handiak daude eta iragarleak era honetako eraso faltsuen aurka babestu beharko lirateke, markaren porrota suposa baitezake.

No hay comentarios:

Publicar un comentario