sábado, 13 de marzo de 2010

Esperimentua amaitu da

2. zatia: Iruzkina
Aste bete igaro da, facebookean profil faltsua sortu dudanetik eta emaitza aurrikusten nuena izan da. Esperimentuari dagokionez, gure eginbeharra facebookean profil faltsu bat sortzea zen, horrek dakartzan ondorioak aztertzeko. Lagun eskaerak egiten hasi aurretik profil deigarri eta erakargarri bat egiteari ekin nion. Horrela, izen bat asmatu nuen, baita bizilekua, unibertsitatea eta nire ikasketak ere. Era berean, googlera sartu eta “Pepe Jeans” markako modelo baten argazkia aukeratu nuen argazki nagusitzat eta gero beste hainbat argazki sartu nituen, oporretan, eskiatzen, lagunekin jai giroan ... Argazki hauetan inoiz ez zen pertsona bera errepikatzen, hau da, argazki bakoitzean pertsona desberdin bat nintzen.

Baina inor ez da honetaz ohartu eta hau posible izan da, igo ditudan argazkietan, adibidez eskiatzen, betaurrekoekin, txanoarekin ... ez baita erreza elkar ezagutzea eta berdin jai giroko argazkiekin, tabernak jendez gainezka agertzen baitira. Hau egin ondoren, lagun eskaerak egiten hasi nintzen, bi bide jarraitu nituelarik. Batetik, nire ustezko unibertsitateko jendea gehitzen hasi nintzen, denetarik, nire ustezko adinekoak zaharragoak, gazteagoak ... Bestetik, zale bihurtzeko eskaintza mordo horietatik bi aukeratu nituen zoriz eta horrela, “se lo que hicisteis” programaren eta “odio a ala gente que no entiende, dejar salir antes de entarr en el metro” esaldiaren zale bihurtu nintzen. Era honetan, hauen zaleak ziren beste hainbeste pertsonari bidali nien lagun eskaera.

Guztira, 100 eskaera egin nituen gutxi gora behera eta horietatik 37 pertsonak onartu naute. Beraz, nahiz eta %40 ere ez izan, nahiko kopuru handia dela iruditzen zait, ezagutzen ez duten pertsona bat onartzeko. Horrela, facebook bezalako sare sozialen erabilera oso zabala da eta gure helburua jendeak gu ezagutzea izanez gero, tresna ezin hobea da. Hala ere, aipatu beharra dago hurbiltasunak duen garrantzia, hau da, unibertsitate berdinean ikasten duten pertsonak edo herri berdinekoak direnak ... ezaugarri amankomunak dituztenen arteko harremana errazago bideratzen da. Lagunak onartzerako orduan, agian ez dugu pertsona hori fisikoki ezta entzutez ere ezagutzen, baina, bere abizena ezagun egiten zaigu, gure unibertsitatean ikasten du edo gure lagun batek bezalako zaletasunak dituenez ... nolabait ezagun bilakatzen da eta eskaera onartu egiten dugu.

Hau horrela izanik, askotan ez dugu kontutan hartzen arrotza den edonor izan daitekeela profil hori duen pertsona eta are gehiago, faltsua izan daitekeela. Ondorioz, onarpen horrek izan ditzakeen arrisku eta ondorioen inguruan ere ez dugu hausnarketarik egiten. Gainera, gure inguruan oso ohikoa da entzutea, bakoitzak zenbat lagun dituen eta tuentiaren kasuan zenbat bisita lortu dituen denbora jakin batean. Era berean, askotan hainbat lagun ditugu gure sare sozialean kaletik ikusi eta ia agurtzen ere ez ditugunak. Azken batean, sare sozialak joko bat lirateke, bizitza erreala VS itxurakeriaren bizitza. Izan ere, gure argazkiak igotzerakoan kontu handiz aukeratzen eta aztertzen ditugu igoko ditugunak, norbere pertsonaren irudi hoberena eskaintzen dutenak baino ez baititugu igotzen. Era berean, nolabaiteko obsesioa dugu egiten ditugun ekintza guztiak, bidaia guztiak ... facebookera igotzeko, lagun guztiek ikusi dezaten eta argi gelditu diezaieken non eta noiz egon garen.

Lehengo harira bueltatuz, arrotzak diren pertsonak onartuz gero, gure bizitza osoaren berri izateko aukera eta primizia eskaintzen diegu. Beraz, kontu handiz ibili beharra dago, aukeratzen eta onartzen ditugun profilekin, azken batean hauek argazki soil bat baino ez baitira, txontxongilo bat, atzean edonor egon daitekeelarik. Hala ere, aipatu beharra dago sare sozialen fenomenoa hasi zenetik eta gaur egunera arte gauzak asko aldatu direla. Hasieran, ia erabiltzaile guztiok gure profila sare sozialeko kide guztientzat irekita genuen, hau da, denek zuten gure profila ikusteko aukera. Gaur egun ordea, esperientzia eta gogokoak ez diren kontakizunak eta gertakizunak direla eta nolabaiteko mesfidantza sortu da. Ondorioz, dena giltzapetu dugu, gure profila gure lagunak bakarrik ikusteko ezarpena egin dugu.

Beste alde batetik, ordea, lagunak onartzeko erraztasun hau marketinaren ikuspuntutik ezaugarri onuragarria bat da. Izan ere, zabalkunde hori zenbat eta hedatuago egon eta zenbat eta handiagoa izan, orduan eta aukera gehiago egongo da marketing teknikak sare sozialen bidez bideratzeko, baita hauen eraginkortasuna eta arrakasta handiagoak izateko. Gainera, marketinaren kasuan beste abantaila nagusi bat aipatu behar da, markarena hain zuzen ere. Sare sozialen bidez, publizitatea egin nahi bada edota bestelako marketing teknikaren bat aurrera eraman markak duen indarra eta garrantzia dela eta ez du inolako arazorik izango erabiltzailearengana iristeko. Izan ere, ez da berdina ezagutzen ez duzun profil bat onartzea edota gustuko duzun, marka baten profila onartzea.

Honen arrazoia begi bistakoa da, alde batetik, aipatu bezala marka dela eta ezaguna den heinean etxekotu egiten duzu eta beste alde batetik, marka horrekiko norberak duen interesaren ondorioz, erabiltzaileak harrapatzea eta mezua arrakastaz iristea posible da. Beraz, nahiz eta jende askok, kasu honetan %65 gutxi gora behera, ezezagunak diren pertsonak ez onartu, publizitatearekin bestelakoa gertatzen da, beti ere marka, zerbitzu edo ondasun horrengan interesa baldin badugu.


Horrela, nire ustez sare sozialen bidez, gure target osoa edota honen zati handi bat hauen erabiltzailea den heinean izugarrizko arrakasta lortzeko aukera dago, ia denengana iristeko aukera baitugu. Hau da, profilean adierazten diren datuak direla eta, gure xede taldea 18-30 urte bitarteko Bizkaiko neskak izanez gero, sare sozial horretan ezaugarri hauek dituztenengana baino ez gara zuzenduko. Beraz, xede taldearen segmentazioa eta markaren garrantzia kontutan hartuz, kanpaina bat euskarri hau bakarrik erabiliz egin ahal daiteke. Hau da, gure targetak sare sozialak erabiltzen baditu eta nahiko ezagunak bagara, posible da kanpaina bat burutzea bide hau soilik erabiliz. Era berean, ezin ahaztu euskarri mota honetan ere kanpaina on, arrakastatsu eta eraginkor bat egiteko ohiko baldintzak bete behar dituela, originala izatea, ez gogaikarria, gogoratzeko erraza ...

Guzti honek ondorengora narama; sare sozialak hainbat eta hainbat erabiltzaile dituzten tresnak direnez, oso kontsekuenteak izan behar gara hauei ematen diegun erabileraz baita, norekin erlazionatzen garen. Era berean, jende pilaketa hori dela eta, marketing teknikak burutzeko euskarri ezin hobea da, besteak beste, erabiltzaileek aktiboki hartzen baitute parte bertan eta gure targeta osatzen duten pertsona zehatz horiengana heldu gaitezkeelako, alperrikako lana ekidituz, askotan xede taldekoak ez direnak harrapatzen baitira hauengan inolako eraginik lortzen ez delarik.

No hay comentarios:

Publicar un comentario